Albisteak

Albi urdina proiektua

12/06/2015 - Albi gaztak etxaldean martxan jarritako crowdfunding proiektu batetan parte hartzeko gonbidatzen zaitugu.

Albi gaztak etxaldean martxan jarritako crowdfunding proiektu batetan parte hartzeko gonbitea duzu honako idatzia. Gure ustiategiaren dibertsifikazioa eta garapenean lagunduko duen produktu berritzailea.

Duela urtebete, gure ardi latxek emandako esneaz eta gatzagi naturalaz  gazta urdina egiteari ekin genion. Horretarako Asturiaseko Pepe Badak bere kobazuloak ezagutzera gonbidatu eta  Cabrales gaztaren ekoizpena ezagutzeko aukera izan genuen Arangas gaztandegian Andrearekin. Horrela, kobazuloek bete beharreko baldintzak (hezetasuna, tenperatura, lizunak), zein ekoizpenean jarraitu beharreko pausuak bertatik bertara ezagutu genituen.

Behin ezagutza eta esperientzia hori bilduta, gure Idiazabal gaztaren ekoizpen garaian, esnearen zati bat, gazta urdinaren ekoizpenera bideratu genuen,   lehen gazta urdinak egin genituelarik. Gazta hauek Aralarren kokatuta dagoen kobazulo batean ondu genituen.

Ondorioa:  zapore bizi eta orekatua duen gazta krematsua, Cabrales batena baino, Roquefort baten antzak dituen gazta sortu genuen ( 100% ardi esnez eginda dagoelako ).

Froga gisa ekoiztu genituen gazta urdin hauek, gure bezero, lagun, zein familiartekoen artean banatu eta dastatzera eman eta berehala  eskaerak gainditu gintuen. Horrela 5 izan ziren ondorioztatu genituen gai nagusiak:

  1. Eskaera eta harrera ona duen produktua da.
  2. Inork ez du Ardi latxaren esnearekin gazta mota  hau ekoizten.
  3.  Oso kalitate oneko gazta da.
  4. Kobazuloan ontzeko zailtasun handiak daude Nafarroan, bai segurtasun arazoak, zein araudi eta legedi arazoak direla medio.
  5. Gure gaztandegian ez ditugu beharrezko baliabide eta azpiegiturak gaur gaurkoz.

Ondorio hauen inguruko hausnarketa baten ostean , zera erabaki genuen:

Ardi latxaren esnearekin eta gatzagi naturalaz egindako gazta urdinaren ekoizpen artisaua martxan jartzea. Horretarako:

  1. Kobazuloaren ezaugarri eta baldintzak modu egokienean birsortuko dituen azpiegiturak eraikiko ditugu.
  2. Kobazuloan, lizun kultibo bat egingo dugu, ondoren, eraikiko dugun kamara berrian ereiteko.
  3. Gazta honen sormenean eta jaiotzan parte hartu nahi duen ororekin finantziatuko dugu proiektua, crowdfunding-aren bitartez.

Beraz, bertakoa, osasuntsua, kalitatezkoa eta artisaua izango den produktu berri honen jaiotzan parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Gure mendi, larre eta basoen zaporea eta gure bihoaniztasunaren usaina edukiko duen artelan txiki honen sorreran  alegia.

World cheese saria 2012

22/01/2013

Albi gaztak urrezko domina lortu zuen Birminghamen ospaturiko 2012ko World Cheese Awards munduko gazta txapelketa ospetsuan.

2012ko azaroaren 28an ospatu zen Birmingham-en World Cheese Awards munduko gazta txapelketa ospetsua. 30 herrialde ezberdinetako 2.781 gazta aurkeztu ziren kategoria ezberdinetan. Epaimahaian herrialde ezberdinetako 255 dastatzaileen lana, 2012ko gaztarik onenak aukeratzea zen. Albi gaztak, urrezko domina irabazi zuen Idiazabal kategorian.